BerbAPP

Deskribapena:

Herri hizkerak.

Informazio gehiago:

Produktu honen bidez ez ditugu herri hizkerak euskara batuaren gainetik edo aurkari gisa jarri nahi izan.

Izan ere, Kike Amonarrizek dioen bezala, "euskara jatorra, senari eta usadioari jarraitzen dion euskara da, baina ez ikuspegi fosilizatu batetik, erreprodukziorako barne mekanismoetatik bideratua".

Hain zuzen ere, baieztapen horri heldu nahi izan diogu egitasmo hau gauzatzeko garaian. Webgunean eta APPan planteatzen diren audio erreprodukzioak zabalduko dira, euskal herritarrek horrela erabakitzen badute eta hala erabakiko dute, euren komunikaziorako baliagarri direla uste badute (ez akademiko batek esan duelako). Eta komunikaziorako baliagarri direla pentsatuko dute beren inguruan (sarean zein fisikoki) horren erabilera zabaltzen ari dela ikusten badute.

Teknologia berrien bidez honelako zerbait planteatzeak badu zentzua. Norbaitek esan lezake soilik gazteengan iritsiko garela. Baina hain zuzen ere gazte horiek dira euskararen kalitatezko biziraupena bermatu behar dutenak. Gainera, herri hizkeraren adierazpideak teknologia berrien bidez jasoz belaunaldi desberdinen arteko zubiak eraikiko dira.

Hala ere, egitasmo hau ez dago soilik gazteei zuzendua, euskaldun orori baizik. Egia da hainbat udalerri kezkatuta daudela gaur egun herriko gazteek gero eta gutxiago ezagutu eta erabiltzen dituztelako herri hizkerako jatorrizko esamoldeak eta sarritan baliabide horiek eskueran izateak, hizkuntza eta ondorioz pertsona aberasten duela. Baina hainbat adierazpideren erabileran eragiten saiatzea publiko orokorrari zabaldu beharreko ahalegina da.

Nahiz eta egitasmo honetan herri hizkerei buruz ari garen eta ez bere horretan euskalkiei buruz. Edukiak sailkatzeari dagokionez, aurreikusten diren zonaldeak Koldo Zuazok euskalkien mapan jasotakoak dira eta ahotsak.eus-ek ere errespetatzen dituenak:

Ekialdeko nafarra
Erdialdekoa
Mendebalekoa
Nafar lapurtarra
Nafarra Zuberotarra

Ondoren zonalde bakoitzean, herri desberdinetako audioak aurkitu ahal izango dira. Halaz ere orain indarrean jarriko dugun bertsioan eremu batzuetakoekin baino ez gara abiatuko eta ondoren produktua zabaldu ahala gehituko ditugu beste eremutakoak Egitasmo honek bi produktu ditu: webgunea eta APPa. Webgunearen aldean APPak aukera gehiago ematen ditu zabalkunderako (adibidez, whatsapp bidez), baina komunikazio ikuspegi batetik webgunea ere beharrezkoa dela uste dugu, bestela Android smartphone bat dutenei soilik zuzentzen egongo ginateke eta helburua edozeinek bere ekarpenak eta kontsultak webgunetik zein APPtik egin ahal izatea da.