Udako Euskal Unibertsitatea

Deskribapena:

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da. 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian eta orduz geroztik bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da.

Informazio gehiago:

 

 

1. ZER GARA?

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da. 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian eta orduz geroztik bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da. Horrekin batera, honako lan-ildo nagusi hauek ditu:

  • Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea.
  • Unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea.

1.000 bazkide baino gehiagok osatzen dute UEUren oinarri soziala jakintza-alor desberdinetako sailetan antolatuta.

2. GURE HISTORIA

UEUren jatorria 1970-72an Baionako Euskal Erakustokian antolatu ziren Euskal Asteak ditugu. Horien arrakasta ikusirik, eta 1972ko ekitaldian Karlos Santamariak Euskal Unibertsitatea sortzeko premiaz emaniko hitzaldiaren bidetik, Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteek UEU antolatzea erabaki zuten 1973ko udan, abuztuaren 29tik irailaren 8ra bitartean, Euskaltzaindiaren babespean. Lehengo ekitaldi biak Donibane Lohizunen egin ziren eta ondorengo biak Uztaritzen. 1977ko ekitaldiak Hego Euskal Herrian burutzea erabaki zen, Iruñean. Udako ekitaldien eragina zabaldu nahian, 1985. urtetik abiatuta, urtean zehar ere Jardunaldiak antolatzea erabaki zen, publiko orokorrari zuzendutako dibulgazio-mailako hitzaldi eta mahai -inguruz osatuak. Ordutik hona UEUren jarduera etengabe handitu da.

3. ZER EGITEN DUGU?

Euskal Unibertsitatea sortzeko ildoa

UEUren helburu nagusia dugu hau. Izan ere, euskal gizartea bere osotasunean garatzeko ezinbesteko ikusten dugu maila goreneko hezkuntza-erakundea sortzea honako ezaugarri hauekin: euskal gizartearen beharretara egokitua, izaera soziala izango duena, Euskal Herria bere osotasunean hartuko duena eta euskara hizkuntza-ardatz nagusia izango duena. Helburu hau lortze bidean etengabe lanean ari gara. Jada hainbat saio burutu ditugu eta etorkizunean jarraitutasuna izango duen ildo bat izango da zalantza barik.

Jarduera akademikoa

Aurrekoa lortze bidean, goi-mailako formazioa eskaintzeko lan egiten dugu. Etengabe aldatzen den gizarte honetan beharrezkoa da ezagutza berriak barneratzea. Bide honi jarraituz, unibertsitate-mailako formazioa, ikastaro espezializatuak, mintegiak, jardunaldiak, irakasle zein profesionalei zuzendutako prestakuntza, udako ikastaroak eta hauekin lotutako ikerketa lantzen ditugu UEUn. Alor honetan dagoeneko erreferente bilakatu gara.

UEUn irakasle gisa lan egiteko datu basea da IRAKAS(L)ARI, gurekin eta gure proiektuan lan egiteko interesa daukan edonor ongi etorria izango da. Bidali iezaguzu zure kurrikuluma HONA.

Argitalpengintza

Liburugintzaren alorrean UEUren helburua bikoitza da: azpiegitura bibliografikoa sortzea batetik, eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzea bestetik. Unibertsitate-mailako ikasketa zein ikerketan bibliografia zabala edukitzea ezinbesteko baldintza da unibertsitate-eredu osasuntsu bat lortzeko. 1978. urtean lehen liburua argitaratu genuenetik, dagoeneko ehunka izenburu ditugu gure katalogoan, eta unibertsitate-mailako euskarazko testugintzan dekano bilakatu gara.

Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT)

Goi-mailako formazioaren beharrak asetzeko badira urteak teknologia berriak uztartzen ditugula. IKTak egungo baliabideak dira eta hezkuntza-munduan erabiltzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Horregatik, hainbat proiektu jarri ditugu gizartearen eskura Interneten: komunikazio-atariak, datu-baseak, aldizkari elektronikoak, liburutegi digitalak, orientazio-zerbitzuak eta irakaskuntza telematikoa ahalbidetzen duen gunea. Inguma, euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea (www.inguma.org); SoftKat, euskarazko softwaregintzaren datu-basea (http://softkat.ueu.org); Buruxkak, UEUren liburutegi digitala (www.buruxkak.org); Uztaro.com, UEUren Giza eta Gizarte Zientzien aldizkaria (www.uztaro.com); Unibertsitatea.net, komunitate unibertsitario euskaldunaren ataria (www.unibertsitatea.net); Kondaira, Historiako aldizkari elektronikoa (www.kondaira.com); e-irakaskuntza gunea (http://e-irakaskuntza.ueu.org)...

4. NOLAKOAK GARA?

Kalitatea

UEUn kalitatea dugu helburu aurrera eramaten ditugun jarduera eta proiektu guztietan. Hizkuntzaren zaintza, eduki, metodologia, material, baliabide eta gainontzeko bitartekorik hoberenak erabiltzen ditugu azken emaitza onena izan dadin.

Gizartearekiko erantzukizuna

Onura publikoko izaera izanda, UEUren eginbeharra da gizartearen goi-mailako prestakuntzan dituen beharrak zeintzuk diren jakin eta horiei erantzuna ematen saiatzea. Ahal den neurrian, gainera, eskainitakoa mundu guztiaren eskura modu erraz eta erosoenean jartzen saiatzen da.

Euskararekiko konpromisoa

Euskara da UEUren ardatz nagusietako bat, gure izatearen arrazoietako bat. Unibertsitate-mailako garapena euskararen bitartez dugu helburu eta horretarako bide urratzailea izan da (eta da) terminologia zientifikoa definitzeko eta euskararentzat  itxitako ateak irekitzeko orduan. Euskara da Udako Euskal Unibertsitatearen komunikazio zein lanerako hizkuntza, eta euskaraz sortzen, antolatzen eta gauzatzen ditugu gure jarduera guztiak.

Punta-puntako gaiak

Unibertsitateak gizartearen motorra izan behar du berrikuntza eta aurrerapenen aldetik. UEUren egitekoa da gai berritzaileak lantzea, mamitzea eta ondoren, gizarteratzea. Horretarako, aditu onenen, erakunde zein elkarte puntakoenetan bilatzen ditugu.

Izaera parte-hartzailea

UEUren izaera soziala da. UEUren oinarria bazkideok osatzen dugu eta barne-egitura guztiak irekiak ditugu lan egin nahi duenarentzat. Sare zabal horrek proiektua etengabe aberasten du.

Elkarlana

Gure izaerarengatik,  gizartearentzat lan egiten dugun heinean, elkarlana sustatzen dugu, era honetan proiektuak bideratuz eta euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotuz.

Hurbiltasuna

UEU gizartetik zein beste erakundeetatik gertu dagoen elkartea da. Harreman zuzen, goxo eta hurbileko horri esker, proiektua urtez urte sendotuz doa, eta gizartearen eskaerak zuzen-zuzenean jaso eta erantzuteko aukera ematen digu.

Autonomia

UEUn ez gaude erakunde, egitura edota talde konkretuen izaera eta unean uneko interes edo jokabideen menpe. Mendekotasun bakarra gure helburuekiko dugu, eta berauek lortzeko erabakiak UEUko bazkideek osatzen duten Batzar Nagusian hartzen dira.

Dinamikotasuna

Hezkuntzaren mundua egunez egun aldatzen ari da. Ikasketa unibertsitarioak ikasturtero moldatzen dira, lana bilatzeko zein hobetzeko geure burua etengabe prestatzea ezinbestekoa da, teknologia berriek beste hezkuntza-ikuspegi baten aurrean jartzen gaituzte urte  batetik bestera. Egoera honi aurre egiteko beharrezkoa da moldatzeko gaitasuna duen erakunde bat izatea; eta UEU halakoa da.

Konpromisoa

Inguruan lan egiten duten pertsonen atxikimenduak ahalbidetzen du egun UEUren proiektua sendoa izatea eta hezkuntza-alorreko erreferente bilakatzea.

5. NOLA ANTOLATZEN GARA?

UEUren oinarria soziala da, hau da, UEU bazkidez osatzen da. Une honetan 1.100 bazkide baino gehiago ditu Euskal Herri osoan (eta kanpoan). Bazkide hauek gutxienez urtean behin Batzar Nagusian onartzen dute aurreko urtean egindako lana eta hurrengo urteko egitasmoa. Batzar Nagusia UEUren organo gorena da eta berari dagokio Talde Eragileko kudeaketa onartzea eta bertako partaideak aukeratzea.UEUren jarraipena egiteko Talde Eragilea dago, Zuzendaritza. Elkartearen organo eragile nagusia da. Urteko kudeaketaren erantzukizuna eta ardura berea da. Talde Eragileko kideak borondatezkoak dira, eta Batzar Nagusiak aukeratzen ditu lau urterako.Talde Eragileko burua Zuzendaria da. Kargu hau borondatezkoa da eta Batzar Nagusiak onartzen du lau urterako. UEUk bere historian zehar hamar zuzendari ezagutu ditu: Manex Goihenetxe (1973-1976), Martin Orbe (1976-1983), Baleren Bakaikoa (1983-1987), Inaki Irazabalbeitia (1987-1991), Kepa Altonaga (1992-1996), Mikel Aizpuru (1996-2000), Xabier Isasi (2000-2004), Aitzpea Leizaola (2004-2005), Lore Erriondo (2005-2010), Karmele Artetxe (2010-2014) eta Iñaki Alegria.

Bazkideak UEUk dituen 27 sailetan banatzen dira. Sail bakoitzak jakintza-alor batean lan egiten du eta autonomoa da:

  • Antropologia
  • Antzerkilaritza
  • Arkitektura
  • Artea
  • Bertsolaritza
  • Ekonomia
  • Filosofia
  • Fisika
  • Glotodidaktika
  • Historia
  • Hizkuntzalaritza
  • Informatika
  • Itzulpengintza
  • Kazetaritza
  • Kimika
  • Klimatologia eta Meteorologia
  • Literatura
  • Matematika
  • Musika
  • Natura Zientziak
  • Osasuna
  • Pedagogia
  • Psikologia
  • Sexologia
  • Soziolinguistika
  • Soziologia
  • Zuzenbidea

Sailek, UEUren Idazkaritzarekin batera UEUren jarduerak antolatzen dituzte: ikastaroak, jardunaldiak, liburuak...

Batzar Nagusiak onartutako egitasmoa teknikoki aurrera ateratzeko ardura Idazkaritzarena da, Kudeatzaile Nagusia buru delarik. Une honetan 14 pertsonek osatzen dute UEUko Idazkaritza eta, Bilbo, Eibar eta Iruñeko egoitzetan kokatzen da.