Tor magoa

Argazki gehiago:

Informazio gehiago:

Azti jaio nintzen. 1982. urtean izan zen, Algortan, eta Aitor jarri zidaten izena. Halere ez nintzen neure kondizioaz lau urte bete arte jabetu. Noraezean nenbilen bizitza honetan, galdu-gordean, Aititek magia truku bat egin zidan arte etxean zituen kartekin. Orduantxe, hasierako urte eternal haietan sufritutako zentzugabekeri guztiak magiaren atzaparretan erori ziren. Atzerabiderik gabeko bidea agertu zen neure aurrean, kaletar arruntengandik betiko aldenduko ninduena.

Urteek aurrera egin ahala, eskura nituen magiazko liburu sekretuak irakurtzeari ekin nion. Asko ikasi nuen, asko praktikatu eta… alde egiten ez zuten apur horien aurrean lantzean behin aktuatu.

Eszenatokira igotzearen plazera deskubritu nuen. Beste mago batzuekin sartu nintzen harremanetan eta, "froga" gainditutakoan, Bilboko Mago eta Ilusiogileen Elkartean onartu ninduten. Ikuskizunak eskaintzen jarraitu nuen Ingeniaritza Industrialeko ikasketak egiten nituen bitartean. Argi nuen magia zela neure bidea, baina zerbait egin behar nuen goizetan! Gero eta enpresa eta jende gehiagok deitzen zuen magia emanaldiak eskatuz; sutondo bihurtzen hasi zen oholtza niretzat.

Karrera bukatu nuen eta, nahiz eta nire azti izaera oso present izan, hutsik nituen goizak oraindik eta ingeniaritza enpresa batean hasi nintzen lanean. Baina gero eta magia ikuskizun gehiago nituen agendan, profesioa eta hobbya bateraezin bihurtzeraino. Erabaki latza, baina alde batera utzi behar izan nuen hobbya. Agur esan nion ingeniaritzari.

Ordutik, hazi eta hazi baino ez dut egin mago legez. 1000 emanalditik gora eskaini ditut azken urteetan ume, heldu eta piztien aurrean, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Telebistan aritu izan naiz ere ETB1 eta ETB3ko "3txulo", "Sorgintxulo", "Olentzerori kantuan", "Hiru3 jaialdiak" eta "Magoak" saioetako protagonista bezala adibidez, bai eta noizbehinkako agerraldiak La1 katean, Antena 3-n, TeleBilbaon, Hamaika TBn, Bizkaia TVn, Tele 7n...

Hauxe duzu neure webgunea. Kuxkuxeatu eta behar duzun informazio guztia aurkituko duzu baina, bereziki, behar ez duzun hori.